|
Javier
AIZPURUA
CSIC - UPV/EHU Materialen Fisika Zentroko Ikerlaria
|
Goteborgen (Suezia) eta Washington DCn (Estatu Batuak) doktoratu-ondorengo egonaldiak egin eta gero, Donostiara itzuli zen Gipuzkoako Foru Aldundiko "Fellows Gipuzkoa" programaren barruan. 2008 urtetik Ikerketa Zientifikoen Goi Batzordeko (CSIC) zientzilari titularra da, eta nanofotonika taldearen arduradun gisa ikerketa egiten du Donostian, CSIC-UPV/EHU-ko Materialen Fisika Zentroan.
|
|
Juan
COLMENERO
CSIC - UPV/EHU Materialen Fisika Zentroko Zuzendaria
|
Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna da. Alemaniako Forschungszentrum Jülich (IFF) institutuko irakasle gonbidatua izan da eta nazioarteko batzorde zientifiko ugaritan hartu du parte; horien artean, Frantziako Laue-Langevin Institutua eta Jülich Centre for Neutron Science zentroa nabarmentzen dira. Horrez gain, Journal of Polymer Science Part B: Polymer Physics eta Colloid and Polymer Science aldizkari zientifikoetako batzorde editorialeko kidea da. Bere jardueraren onespen gisa, hainbat sari jaso ditu, garrantzitsuenak: Xabier Maria Munibe saria, Eusko Legebiltzarreko Zientzia eta Teknologia saria (1988), Zientzia eta Teknologiako Ikerkuntzako Euskadi saria (2000) eta Fisikako Espainiako Errege Elkarteko domina (2003).
|
|
Fernando P.
COSSIO
Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna
|
Fernando P. Cossíok Kimika Zientziak ikasi zituen Zaragozako Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHUn lortu zuen doktoregoa 1986an. Doktorego ondoko egonaldiak egin zituen Talence-ko (Frantzia) Centre National de la Recherche Scientifique CNRS zentroan eta Kalifornia Los Angeleseko Unibertsitatean. UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakasle titular izendatu zuten 1988an eta Fakultate bereko katedraduna bilakatu zen 2002an. Hainbat kargu izan ditu, besteak beste, UPV/EHUko Kimika Zientzien Fakultateko dekanoa (1999-2001), UPV/EHUko Ikerketa eta Kanpo Harremanetarako errektoreordea (2001-2004) eta UNIQUALeko Zientzia Esperimentalen Batzordeko idazkaria (2007-2009) izan da. Hainbat sari ere jaso ditu, hala nola Kimika Terapeutikoko Espainiako Elkartearen saria (1987), Zientzia Esperimentalen Euskoiker saria (2005), Manuel Laborde Werlinden saria (2005), Toribio Echevarria saria (2006) eta Antonio Esteve Doktorea Fundazioaren saria (2007). 2009. urtean, Ikerbasque Fundazioko Batzorde Exekutiboko lehendakari izendatu zuten.
|
|
Pedro Miguel
ETXENIKE
DIPCko Lehendakaria
|
Pedro Miguel Etxenike Landiribar Izaban jaio zen 1950ean. Euskal Herriko Unibertsitatean Materia Kondentsatuaren Fisikako irakaslea izateaz gain, Donostia Internacional Physics Center (DIPC) zentroko lehendakaria, CIC Nanoguneko lehendakaria, Jakiunde Eusko Ikaskuntzaren Zientzia, Arte eta Letren Akademiako lehendakaria eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako lehendakariordea ere bada.
Graduondoko ikasketak (Fisikako doktoregoa) Cambridgen egin zituen 1976an eta Bartzelonan 1977an. Cambridgeko Ohorezko Doktoregoa dauka (Zientzietan doktorea, 1998) eta Valladolideko Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Honoris Causa Doktore izendatu zuten 2000n eta 2008an, hurrenez hurren. Belgikako Akademia Errealeko kidea da, baita Amerikar Fisika Elkarteko Fellows (FAPS) eta Zientziaren Aurrerapenerako Amerikar Elkarteko (FAAAS) kidea ere. 1998an, Euskaldun Unibertsal izendatu zuten.
Sari asko jaso ditu, hala nola Xabier María de Munibe saria (1995), Ikerketako Euskadi saria (1996), Kulturako Príncipe de Viana saria (1997), Alfontso X.a Jakitunaren Gurutze Handia saria (1998), Ikerketa Zientifikoko eta Teknikoko Príncipe de Asturias saria (1998), Fisikako Max Planck saria (1998), Iberdrola Zientzia eta Teknologia saria (2002) eta Materialen eta Lurreko zientzien Blas Cabrera sari nazionala (2005). Era berean, Espainiako Fisikako Errege Elkartearen (2003), Euskal Herriko Unibertsitatearen (1990), Donostia Hiriaren (2000) eta Gipuzkoako Aldundiaren (2006) Urrezko Dominak jaso ditu.
|
|
José María
PITARKE
nanoGUNEko Zuzendaria
|
José María Pitarke Zientzia Fisikoetan Doktorea da. Doktoradutza
1990. urtean lortu zuen (aipamen bereziarekin) Euskal Herriko
Unibertsitatean, tunel espektroskopiaz eta solidoetako elektroi eta
fotoi emisioaz egindako ikerketa lanarengatik. Ondoren, EEBBetako
Oak Ridge-ko Laborategi Federalean aritu zen, Rufus Ritchie-ren
taldean. 1993. urtean UPV/EHUko irakasle titularra bilakatu zen eta
EEBBetako zenbait unibertsitatetan nahiz London-eko Imperial
College-an seihileko sabatikoak eman zituen. 2000. urtean hasita,
UPV/EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna da. Haren
ikerketa gaien artean honako hauek dira azpimarragarrienak: materia
kondentsatuaren teoria, solidoetako eta nanoegituretako elektroi
anitzen elkarrekintza, nanoegituren eta partikula kargatuen arteko
elkarrekintza eta nanofotonika. 2005. urtean hasita, Cambridge-ko
Unibertsitateko Churchill College-ko ByFellow-a da. 2006. urteko
otsailaren 28an nanoGUNE ikerketa zentroaren zuzendari nagusi
izendatua izan zen, zentroaren sortze ekitaldian. 2006. urteko
irailaren 1ean nanoGUNEko zuzendaritza lanari ekin zitzaion,
unibertsitateko bere eginkizunak alde batera erabat utzi gabe.
|